miércoles, 25 de febrero de 2015

ALBERTO FRIAS. ARABA GAROÑARIK GABE PLATAFORMAKO ELEDUNA
«Ondorioak izan behar ditu Garoñako jabeen arduragabekeriak»
Dio Espainiako Gobernuak Nuclenorri «ezkutuko amnistia fiskal bat» egin ziola, eta zentral nuklearrean lanak egiteko beste diru eman diola horrek. Iberdrola eta Endesaren kontra kanpaina bat hasiko dute gaur.


2014-11-08 / Jon Rejado BERRIA

Iberdrola eta Endesarekin kontratua duten bezeroek argindar hornitzailea aldatzeko kanpaina hasiko da gaur. Zentralaren iraupena luzatzeko ahaleginak ikusirik, jabe diren enpresekin harremanak etetera deitu du Araba Garoñarik Gabe plataformak. Kanpainaren hasiera 12:00etan irudikatuko dute, Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan; elkarretaratze bat egiteaz gain, Iberdrolako bulegoetarainoko giza kate bat egingo dute. Alberto Frias plataformako eledunak kanpainaren zergatia azaldu du. 



Zergatik hornitzaileak aldatzeko ekinbidea?

Ulertezina iruditzen zaigu ireki nahi izatea bi urtean itxita zegoen zentrala. Garoñako jabeen arduragabekeriak ondorioak izan behar ditu; batez ere, Arabako gehien-gehienak Garoña berriz irekitzearen aurka daudelako.

Zer pauso emango dituzue?

Herritarrek kontsumitzaile gisa duten indarra agerraraztea nahi dugu. Ez dugu esango zer hornitzaile aukeratu behar duten, noski. Baina energia berriztagarriak merkaturatzen dituzten enpresa edo energia kooperatibak ezagutaraziko ditugu Internet bidez.

Hornitzaileak aldatzeaz gain, beste biderik urratzen ari al zarete?

Batetik, legezko bidea hasi dugu. Arabako Biltzar Nagusiek administrazioarekiko auzi-errekurtso bat jarri zuten Garoñaren iraupena ahalbidetu zuen errege dekretuaren aurka. Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota zuen; aukera eman du, ordea, zentrala irekitzeko pauso bakoitzaren aurkako helegiteak aurkezteko. Eusko Legebiltzarretik hasita, erakunde guztiek aukera dute helegiteak jartzek o.

Eusko Legebiltzarraren bidez, bestelako ekinbideak ere proposatu ditu plataformak, ezta?

Alemaniako Batzorde Etiko eta Zientifikoaren bidea urratzen has daitezela eskatu diegu Eusko Legebiltzarreko taldeei. Sinbolikoa izan daiteke, baina balioko luke CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Batzordearen jokabidea agerian uzteko.
Batzorde hori ez da independentea, eta legebiltzarrak hori froga dezake. 

Eta atzerrian?

Europako Batzordera heltzeko erronka ere badugu. Espainiako Gobernua gai horretan subiranoa bada ere, Europara helarazi nahi dugu Garoña berriz irekitzeari buruzko kezka. Alderdi politikoen bitartez lortu nahi dugu hori.

Europako erakundeetan araudia aldatzeari buruz ari dira..

Azken gertaerek agerian utzi dituzte hainbat arazo. Egungo segurtasun perimetroak ez dira aski. 60-70 kilometrora zabaltzea aztertzen ari dira. Bilbo Handia ere hustu beharko litzateke Garoñaren kasuan. Zentzugabea da ingurumari horretan zentrala ireki nahi izatea.

Aldiz, saiatzen ari dira. Zergatik izan daiteke?

Espainiako Gobernua eta argindar enpresak negoziazio prozesu batean sartuta daude, eta, gure ustez, egungo egoera mahai azpian dagoen joko zikinaren erakusgarri da. Kezkatzekoa da, eta gizartean ere kezka sortzen ari da.

Edozein kasutan, Nuclenorrek inbertsio bat egin beharko luke orain arte zentralean egin ez dituen lanak egiteko, ezta?

Bai, baina herritarren poltsikotik aterako litzateke horretarako dirua. 2012ko abenduan erregai nuklearra atera zuenean araudi berriari izkin egin zion, eta hondakin nuklearren kudeaketaren zerga aurreztu egin zuen Nuclenorrek. Gobernuak hori baimendu zion, eta, gutxi gora behera, estalpeko amnistia fiskal horren bidez aurreztu zuenarekin hobekuntzak ordain ditzake. Aurrekontu publikoetatik enpresa pribatuetara egindako kapital lekualdatzea da hori.
 

Zentrala itxita egon arren, lanean ari dira.

Lanean ari dira, baina orain arte egindako guztiak ez du ezer esan nahi; zentrala ixteko zein berriz irekitzeko balio dute egindakoek.


No hay comentarios:

Publicar un comentario